Aritzatxu Paradise

Aritzatxu Paradise

lunes, 30 de enero de 2012

Euskal Selekzioaren partiduko iritzi artikulua

2011ko abenduaren 28an, Euskal selekzioak ia urtero bezala, Gabonetako partidua jokatu zuen Tunisiako selekzioaren aurka. Beti bezala Euskal selekzioaren partidua Euskal jaiaren topagune izaten da, jende asko joaten da eta egun guztian zehar hainbat ekitaldi egiten dira partiduaz gain. Normalean futbola eta partiduko emaitza ez da izaten garrantzitsuena, bertan sortzen den giroa eta anaitasuna baizik, baina euskal kirolaren jai hau beti egoten da politikarekin loturik, hau ez gertatzea ezinezkoa da gai biak oso loturik baitaude.

Azterketak prestatzeko garaia zela eta, ezin izan nintzen goizago joan eta Arenalera partidua hasi baino ordu eta erdi bat arinago heldu nintzen, kotxea neramanez ez nuen alkohol tantarik hartu eta horrek gauza askorekin konturatzeko aukera eman zidan. Bilbora heltzean nire lagunekin elkartu nintzen, hauek nahiko mozkortuta zeuden, horrek girotik pixka bat baztertzera eraman ninduen formaltasun kontzeptua nahiko barneratua bainuen. Elkarrekin San Mameserarte joan ginen eta han partidua ikusi eta etxera joan ginen, besterik gabe.

Nire Euskal selekzioaren ikuspuntu ideala azaldu nahiko nuke, irakurlea nire ikuspuntuaz konturatzeko. Egun berezi hau, kirol ekitaldi bat da non independentzia aldarrikatzen duen herrialde bat batu egiten da eta bakoitzaren ezberdintasunak alde batera utzita, denak lagun izan eta talde berari animatzeko aukera duten. Adibidez Erreala eta Athletic-en lehiakortasuna alde batera usteko egun paregabea, eta zazpi probintziak baturik talde bat eginik munduari gure herrialdearekiko maitasuna eta zaletasuna erakusteko aukera ezin hobea. Hortaz gain euskarak ematen dizkigun aniztasun liluragarriak batzeko ekitaldi kultural paregabea da, hizkuntza magiko honek gordetzen dituen xarma ezberdinak dastatzeko ekitaldia eta batez ere, niretzat oso garrantzitsua dena, munduari independenteak izan gaitezkeela eta gure nahia dela erakusteko momentua. Esan beharra dut, futbola kiroltzat nire bizitzako pasioetako bat dela eta aspektu horri ere garrantzia handia ematen diodala.

Gustatu ez zitzaizkidan gauza asko egon ziren egun horretan, jendeak norberaren herriko taldea animatzen zuen, beste euskal taldeekin sartzen eta iraintzen eta nik nire buruari galdetzen nionena zera zen: “baina gaur Athletic, Erreala, Osasuna, Eibar edo Alabesek jolasten al du? Ez al gara denok euskal selekzioaren partidua ikustera etorri? Ez al dugu denok talde bera garaipena lortzera bultzatuko?”. Ba ez dakit, baina horrela zen, egia da denak ez dutela berdin jokatu, nire partiduaren ikuspuntu antzeko bat eta euskal selekzioaren partidua lehiakortasun guztien gainetik zegoela pentsatzen zuenik bazegoen.

Bestalde San Mames Barruan gertatu ziren gertakari batzuk nahiko molestatu zidaten. Partiduan zehar bengalak eta petardoak asko ikusi ziren, bengalez gain hainbat objektu jaurti ziren futbol zelaira. Horrek nazioarteko prentsak jokabide primitibotzat hartzen ditu, herrialde ez zibilizatu baten antzera, eta ez dut uste jokalariei oso atsegingarria egingo zaienik partidu bat jokatzen egotea eta hainbat gauza gertatzen egotea harmailetan. Partiduaren momentu batzuetan jendeak partidua alde batera utzi zuenaren sentsazioa nuen, partiduari lepoa ematen bezala, jokalarientzat hori ez da oso atsegina izan behar.

Hori bai, ez ziren denak gauza txarrak izan, jendea animatu zenean olatuak egiten hasi ziren eta taldeari animatzen ere, esan beharra dut momentu horietan hunkituta bukatu nuela hainbeste maite dudan herria hain bizitasun handiaz ikusten. Hasierako ekitaldia oso polita izan zen, harmailetan zegoen jendeak paper gorri zuri eta orlegiak zerura begira ipini behar zuten euskal selekzioaren koloreak erakutsiz.

Aitzaki oso erabilia izaten da alkoholarena, askotan denaren errua botatzen diogu mozkorrari, baina argi baditugu gauzak, zer nahi dugun eta zein den eman behar dugun itxura alkohola ez da traba izango. Denon artean lortuko dugu!

Artikulu hau nire iritzi pertsonala da, bakoitzak bere iritsia izan dezakeela uste dut besteenak errespetatzen dituen bitartean, espero dut zuen gustukoa izatea eta barkatu nire akats ortografikoak, nire karreran nahiz eta euskaraz eman ez baitut askorik erabiltzen euskal literatura. Ongi izan !

Paul Larrozea Zuazo